josteko makina
- 1. Teknol.
Josteko makina Edit
Egilea: Iñaki Azkune
Josteko makina modernoak motor elektrikoz eragindakoak dira, baina zaharrei (XIX. mendean agertu zirenez gero) oinarekin edo eskuarekin eragiten zitzaien. Josteko makinak etxebizitzetan edo joskintza-industrietan erabiltzen dira.
Jostura osatzen duten puntadak mekanikoki egiteko, bi hari izaten ditu makinak. Bata, goikoa, jostorratzaren zuloan sartuta egoten da, eta bestea, behekoa, moxorkatik hartzen du makinak. Dena den, badira bi hari baino gehiago erabiltzen dituzten makinak ere.
Josteko makinek puntaden luzera erregulatzeko gailua dute. Ehunak finkatu eta arrastatzeko eta orratzari gora eta beherako higidura transmititzeko mekanismoak ditu. Josteko makina industrial gehienek ehunak konpontzeko puntada ere izaten dute.
Oraingo makina berrienek gero eta zirkuitu elektroniko gehiago izaten dute; izan ere, memoriak dituzte beren baitan, forma konplexuko josturak egiteko, zenbakiak edo letrak brodatzeko eta abarretarako.
Historia
Josteko makina Thomas Saint britainiarrak patentatu zuen lehen aldiz, 1790. urtean. Hari bakarra erabiltzen zuen larrua eta ehunak josteko. Hala ere, ez zen mota hartako makinarik merkaturatu. Puntada irekiko makina zen.
1830. urtean, ordea, Barthelemy Thimonnier frantsesak beste makina bat patentatu zuen. Gako-formako orratzari pedal batek behera eragiten zion, eta gero gora malguki baten indarrez joaten zen. Hura ere puntada irekiko makina zen.
Walter Hunt estatubatuarrak, 1834. urte inguruan, puntada itxiko lehen makina egin zuen. Jostorratzak zuloa zuen puntan, eta moxorka oszilatzailea ere bai azpian. Ez zuen, ordea, patentatu. Elias Howe estatubatuarrak 1846. urtean patentatu zuen antzeko makina bat.
Isaac Merrit Singer estatubatuarrak ere berrikuntzak ezarri zizkion josteko makinari: haril birakaria, puntada bakoitzean ehuna aurreratzeko lau higidura aldika eragitea, malgukiz eta oin bertikal batez ehunei mahai gainean eustea...
Lehen makinei eskuz eragiten zitzaien, biradera batez. Geroago, pedal eta biela-biradera mekanismoa ipinita, jostunak makinan eskuak libre zituen ehunei eusteko edo gidatzeko.
Oraingo josteko makinek motor elektrikoa izaten dute eragiteko. Belaunarekin edo oinarekin etengailua sakatuta martxan jartzen eta geldiarazten dira.